Juan Pablo Zabala eta Elena Ponteren bildumatik hautatutako obra zonbaitzuk.
Erakusketa hunek euskal artisten obra zonbaitzuk erakutsiko ditu. Obra guziak Juan Pablo Zabalaren bilduma pertsonaletik hartuak dira.
Pediatra ofizioz, Juan Pablo Zabala 1960ko urteetan hasi zen arteari interesatzen, Zaragozako unibertsitatean medikuntzako ikasketen segitzeko egon zenean. Garai hartan, Remigio Mendiburu artista, bere litografia batzuen saltzerat behartua zen tabako bulego batzuetan.
Gaur izeneko taldeko sortzaile horrek ezinago merke saltzen zituen, bere arteak ez baitzion beste gisan diru iturri izpirik eskaintzen. Orduan Zabalak bi litografia erosi zizkion. Horrela hasi zen bere arte bilduma osatzen. Gaur horretan segitzen du beti.
Bere filosofia sinplea da. "Ainitz artistek xerrentki lan egiten dute bainan arrakasta komertzialik gabe. Artea gustatzen bazauzu, zure bete beharra da artistak laguntzea. Gauza batzuk erakasten dauzkitzute. Partekatu behar da."
Bere lehen obra eskuratuta, Zabalak erakusketa bat antolatu zuen Zaragozako unibertsitatean, euskal aste baten karietarat. Orduan euskal gobernua atzerrian zen eta lan horretan lagundu zuten aholkuen bidez besteak beste. Gaur izeneko taldeko kideen obrak ziren ikusgai. Zortzi artista orotarat, zizelkari eta margolari: Eduardo Chillida, Jorge Oteiza, Mendiburu, Rafael Ruiz Balerdi, Amable Arias, Jose Antonio Sistiaga, Nestor Basterretxea eta Jose Luis Zumeta. Jadanik erakusketa amankomun batetan parte hartu zuten, 1966an hain zuzen Donostiako Barandiaran galerian.
"Chillidak zizelan bat helarazi daut. Oteiza Deban zen bainan hark ere zizelan batzuk helarazi dauzkigu. Sistiagak parte hartu zuen, Amable Arias ere, eta Basterretxea eta Mendiburu.... Denek parte hartu zuten."
Emeki emeki Zabalak euskal arte garaikideari buruz anitz ikasi zuen, bereziki Basterretxea eta Mendiburu adixkideekin kurutzatuz. Biak bere Hondarribiko etxetik hurbil bizi ziren.
Zabala orroitzen da: "Frankismoaren azken urteak ziren, errepresio gordinenaren garaia. Artista hauek euskaldunen bozeramaileak ziren. Euskal artea, hedatzen ahal ez ginuen ikurriña zen."
Pediatra gisa, maiz artisten haurrak eta arra haurrak artatzen zituen. Margolari gazteago batzuekin topo egin du eta Juan Luis Goenagari, Eugenio Ortizi eta beste batzueri ere obra zonbaitzuk erosi dizkie. Berantago, Elena bere emaztearekin bidaiatuz, artista Vietnamtiar eta kubatarren obrak batzuk erosi ditu. Deneri, esker haundia zor die. Eta denen sustengatzeko beharra senditu duela aitortzen du.
Zabalak honela dio: "Haiek naute lagundu artearen ulertzen. Artistek egin behar dutena senditzen dute eta egiten dute. Uste hori dute gidari. Denen artean asko ekarri dautate, nik haieri ekarri dietan baino askoz gehiago."