Donibane Garaziko Apezpikuen presondegian, herriko etxeko erakusgelan (Zitadelako karrikan, 7) eta Josette Dacostaren langian (Zitadelako karrikan, 22)
2011ko urriaren 1tik azaroaren 1ra egunero, astelehenetan izan ezik 11:00etatik 12:30etara eta 14:30etik 18:30etara Sartzea urririk
Iparraldeko eta Hegoaldeko arte munduan adituak diren 11 epaimahaikidek Zaloa Ipiña saritu dute argiari buruzko lan batengatik. Bilbon bizi eta lan egiten duen artista gazteak Argi distira 7 izeneko argazkia aurkeztu zuen. Argazkia argiaren mogimendua eta bizitasuna gai duen serie baten parte da eta bideo laburra egiteko ere erabili zuen. Epaimahaiak lanaren kalitate teknikoa eta emaitza estetikoaren originaltasuna aipatu du.
Donibane Garazi Hiriko saria Anne-Laure Garicoix-en La chute d’Orlando Black izeneko margoak eskuratu du. Nautilus Lanzarote izeneko saria, aldiz, Veronica Domingorentzat izan zen; aurkeztu duen lana Bilboko hiri arkitekturak inspiratutako marrazkiz osatuta dago.
Artistak
Verónica Domingo Alonsok 22 urte ditu, Getxon bizi da eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatean ikasten du. Txinatar tintaz buruturiko bost marrazki aurkeztu ditu lehiaketa honetara, bere aitonaren oroimenari dagokion proiektu baten parte direnak.
Marrazkiek bere haurtzaroko garaia gogorarazten digute eta Bilboko kaleetatik elkarrekin egiten zituzten ibilaldiak. Berauetan, gris kolorearen tonu bigunek intimitate deigarria ematen diete eraikin erraldoien soslai misteriotsuei. Beste serie baten, txinatar tintaz gauzatua hau ere, abstrakzioarekin jokatzen du.
Arras desberdinak dira bere olio pinturak, kolorez erabat hornituak. Haietariko lauk artistaren ume aroko eszenak oroitzen dituzte, bosgarren bat gai arkitektonikoetara itzultzen den bitartean. Bere tapizetan bizitzari, lagunartekoari eta sendiari edo familiari buruz gogoetak baimentzen dizkigu. Gure kontenplaziorako eskaintzen zaigun barne-barneko mundua hain zuzen ere.
Anne-Laure Garicoix 24 urteko Donibane Garaztarra da. Naoned-eko (Bretainia) Arte Ederretako Goi Eskolako diplomatua da. Egun, ikasketak Strossburi-n (Alsazia) segitzen ditu. Bere lan artistikoak, flotatzen duten eta anbiguoak diren formak, eta kolorearen erabilpen ausarta ditu ezaugarri.
Lehiaketa honetarako, Orlando Black-en erorketa deituriko margoa aurkezten digu. Margolan honen koloreek eta formek istorio anitz proposatzen dizkigute, baina zer gertatzen den erran gabe. Begiraleari, zerbait gertatu dela, edo gertatu behar dela iruditzen zaio, baina zer den jakin gabe.
Obra honen ondoan erakusten dizkigun margo eta marrazkietan nagusitzen den sentsazioa bera da, ikusten dena eta gordea denaren arteko tentsioa bada. Aldaketa soil batzuen bidez, formak eta koloreak urtzen, indartzen eta berriz urtzen dabiltza, amaierarik gabeko eraldatze batean, aldi oro, interpretazio ezberdinei atea irekiz. Akrilikoz, tintaz eta kolorezko arkatzaz eginiko La Chute d'Orlando Black izeneko margo handi bat erakutsen digu.
Myriam Gesalaga Eizagirre 24 urteko Zarauztarra da. EHUko Arte Ederretako Fakultateko diplomatua da. Egun, arte grafikoari loturiko trebakuntzan dabil Donostian. Margoarekin duen esperientziatik abiaturik, estilo findu baterantz garatu da, konposaketa, forma eta kolorea kontuan hartuz.
Estanparen teknika erabiliz, kobrezko tauletan, isipu, eskuila eta olioaren bidezko irudiak sortzen ditu. Margoarekin duen keinu berdinak, tintazko lanak burutzeko balio dio, gris tonalitateek eta keinuaren zentzu, edo norabideek, hierarkia sortzen dutelarik.
Lehiaketarako, margotzearen keinua erakusten duten hiru estanpetariko bat aurkeztu digu. Isipuaren marra margo-eremutik kanpo hasia da, ekintzaren osotasuna gordez, eta fotograma gisan, honen garapenaren parte bat baizik erakutsiz. Paperaren tonu beroek, obra ikusmen mailan aktibatzen dute, irudikatzen den keinua biziaraziz.
Zaloa Ipiña Bidaurrazagak 24 urte ditu, Bilbon bizi da eta Arte Ederretan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU). Hemen erakusten dituen obra guztien inspirazioa argiaren efektu eta indarrarengandik daukan lilura izan da.
Leihaketara bidali duen argazkia, Argi distira 7, animazioko labur bat sortzeko erabili duen argazki multzoaren irudi bat da. Obra hauekin daukan asmoa, bere esanetan, Gabriel Arestiren poesia bat zalantzan jartzea da, izan ere, honek baieztatzen zuen argia ikusezina dela.
Erantzuteko, Zaloak argi paisaiak erakusten dizkigu, non beren mugimenduak eta abiadura ikus dezakegun. Barneko espazio ilun batekin eta argitasunean dagoen kanpoko espazio batekin jolasten, sortzen ditu uneko-argazki hauek. Bien artean, horma izango balitz, sare bat jartzen du eta kamararekin, zuzenean, argazkiak sortzen ditu. Ordenagailua irudi batzuetan erabiltzen du, soilik, argazki collageak egiteko. Ikusi bideoa
Andoni Maillard 26 urteko Arrangoiztarra da (Lapurdi). Roazhon-eko (Bretaina) Arte Ederretako Eskolako diplomatua da. Arretaz egiten dituen obrak, ingurumen sozial eta kulturalarekin dugun harremanaz gogoetatzera daramagun ironia giroaz beterik dira.
Bere lana, gehien bat masa kultura, herri kultura eta kultura tradizionaletatik ateratako ohizko gauza eta irudien desbideraketan datza. Lehiaketa honetarako, Araire 2000 izeneko obra aurkeztu digu. Golde bat iduri du, egun, makina motorizatu eta sofistikatuekin ordezkatua den laborantzako arbaso-tresna.
Andonik aurkezten digun bertsio garaikideak ez du, nostalgiako gaia bilakatua den ohizko goldearekin deus ikustekorik. Erakusketarako, obra hau, bildumazko platera bilakaturiko edergarriekin, eta txoke inbasioek urraturiko eszena lasai eta bukolikoak erakusten dituzten margolanekin osatu du
Itzal Aktiboa elkarteak, Euskal Kultur Erakundearen (Hogeit'a egitarauaren baitan) eta Donibane Garaziko Herriko Etxearen partaidetzarekin, aurten lehen aldikoz, Gazte Sorkuntza Garaikidearen Itzal Aktiboa Saria eskaindu du. 2000€-ko sariaren helburua Euskal Herrian lan egiten duen artista gaztea saritzea da. Kalitate handiko artelan ugari aurkeztu zen sarira; 35 urtetik beherako arte ekintza ezberdinei zabaldutako saria, alegia.
Epaimahaia osatzen dute:
Juanma Arriaga, Kur Galeria, Donostia Marie-Claude Berger, Arte historialaria Emilia Epelde, Epelde & Mardaras Galeria, Bilbo Celia Eslava, artista plastikoa Pantxoa Etchegoin, Euskal Kultur Erakundeko zuzendaria Christine Etchevers, artista margolaria Ismael Manterola, Arte historialaria, EHUko irakaslea, Bilbon Olivier de Monpezat, Biarritzeko Rocailles Goi Arte eskolako zuzendaria Iñaki Olazabal, eskultorea Robert Poulou, bildumaria Aitor Ruiz de Eguino, eskultorea