Zazpi emazte artista, erretratuen egiteko zazpi manera
Artista horietariek batzuk, beren pertsonaia den bezala erakustera emaiten dute, beste batzuentzat, ekaia eta mugimendua, eitea baino garrantzitsuak dira. Beste batzuk koloreanitzetako obrak agertarazten dituzte. Donibane Garaziko Itzal Aktiboa elkarteak antolatzen duen « bisean bis : Erretratuaren Artea » erakusketan –Aitziber Akerreta, Hortense Häussling, Josette Dacosta, Martine Pinsolle, Susana Zaldivar eta Zoe Bray-sei margolarien obren erakusgai bat presentatzen du bai eta ere, Killy Beall zizelkariarenak.
Zonbaitzuk egon molde baten hartzea galdegiten dute beren sujetari, higitu gabe, bere itxura eta soa ontsa hatzemaiteko gisan. Zoé Brayren kasua da, erretratu errealistak, sinple eta indar handikoak margotzen baititu. « nere inguruko egiazkotasunaren eskuratzeak interesatzen nau. Entseatzen naiz jenden margotzea beren eguneroko bizian diren bezala ».
Beste batzu, aldiz, iheskorrean ari dira lanean, Susana Zaldivar bezala ; zirrimarra bat egiten du memento hartan berean, eta ondotik argazkiak hartzen, itxura ezaugarri bainan idealista baten egiteko.
« Haurren erretratuen egitea biziki gustukoa dut ; jararazten ditut, egon-moldez aldarazten, gozoan izan arte. Higitzen diren denboran, fite marrazten ditut, mementoaren eskuratzeko. »
Alabainan, argazkilaritza sortuz geroz, erretratugileak ez du margotzen duen jendearen egiazko itxura egite beharrik. Lehen, itxura zen konda, orain, margolariak garrantzia gehiago ekartzen dio jiteari eta nortasunari.
Eta hala nun ikusten dugun, Aitziber Akerretaren margoan bezala, bere amatxi banana baten jaten eta bere aitatxi pailasoz mozorroturik, ximino musikari batekin soin gainean !
Asmo hutsezko gertakari batzuei begi kliska bat edo egiazkotasunari itzultze bat, « erretratuak ez du deus gorderik uzten : egiazko errebelatzaile bat da » dio Hortense Häusslingek, berak kolorezko arkatzen kolore hutsak erabiltzen ditu, erretratu argitsu batzuen margotzeko.
« Norbaiten margotzea, bere intimitatearen barnean sartzea da » baieztatzen du Martine Pinsollek, bere ahaideen erretratuak egiten dituelarik bereziki.
Estimatzen duzuen norbaiten erretratua nahi duzue eginarazi ? Edo zure buruaren ikuspen artistiko bat utzi zure ondokoei? Erretratuak manatzen ahal dituzue artista horiei guziei. Erakusketa iraganen da, 2007ko azaroaren 3tik, abendoaren 2ra, Josette Dacostaren Tailer Galerian.
“Bisean bis : Erretratuaren Artea”
Erakusketa idekia da egun guziz, asteartetan salbu, arratsaldeko 15:00etatik 18:00ak arte, hitzorduak hartuz, 2007ko azaroaren 3tik abendoaren 2a arte
Josette Dacosta Tailer Galeria Zitadelako karrika, 22. 64220 Donibane Garazi
Hortense Häussling, Martine Pinsolle, Zoé Bray, Josette Dacosta, Susana Zaldívar, Killy Beall eta Aitziber Akerreta desberdinki ari dira lanean : oliozko tinduarekin, akrilikoarekin, ikatzarekin eta kolorezko arkatzekin.
Erretratu batzuek argia biltzen dute, beste batzuk jendearen itxura xeheki erakusten, besteek sentimentuak, beste batzuk itxura aldatzen edo indartzen dute.
Azaltze desberdin horiek, erakutsiak diren jendeen irudi interesgarri bat emaiten dute.
Aitzineko erakusketentzat bezala, ikasleentzat egin ekintzak segituko ditugu, gaur egungo artea eskuragarri izaiteko gisan haurrentzat.
Eskolen bisitak antolatuak dira egun guziz, hitzordu bat hartuz : 0671005723
Galdegiten dugu eskola bakoitzari 15€ko urte sari bat.
1€ bat haur bakoitz joko-gidarekilako bisitarentzat. edo 2€ haur bakoitz joko-gidarekilako bisita eta tailerrarentzat.
Irakasleentzat eta burasoentzat, argitua den aitzin-bisita bat proposatzen dugu.
Artistak
Aitziber Akerreta
Aitziber Akerretak bere arte eder ikasketak sortua den Iruñako hirian eginak ditu baita ere Leioan. Gaur egun, Bilbaoko ikastola batetako ikasleei artea irakasten du. Bere obretan, munduaren eta bere inguruan dituen jenden ikuspegi moderno bat eta aipamen biziki pertsonalak elkartzen ditu. Adierazten dauku, bere margolanek, « bere haurtzaroko argazkiei eta oroitzapenei lotuak direla. » « Elementu teknikoak eta grafikoak » gehitzen dira pertsonaiei, koloreak funtzio garrantzitsu bat duelarik.
Margolan honetan, bere aitatxi-amatxiak agertzen dira. Gogozko lan bat da, beren urrezko ezteietako argazki bat delarik abiapuntua. Ondotik, margo-elementuak baita pertsonalak gehitu ditu, uste gabeko gauzez betea den lan baten sortzeko. Bere aitatxin soinburuan den ximino musikariak, artistak zirkoaren inguruan egin dituen margolanak oroitarazten ditu. Amatxiak, beti ikustateduna, banana bat dauka eskutan, bazkatzeko.
Aitziber Akerretak ainitz sari irabazi ditu. Bere obren erakusketak, Euskal Herriko leku desberdinetan ukan dira, eta bereziki Iruñan, banakako erakusketa batekin Pintzel Galerian, 2006ko azaroan.
Killy Beall
Killy Beall zizelkaria da baita margolaria. Modelatzea bere baitan duen sortzetiko gauza bat da, haurra zelarik zizelketan hasi baizen xakur ttipi baten forma eginez. Bere margolanetan, ekaiak koloreak bezain leku garrantzitsua dauka. Bere erretratuek zizelkatuak, buztin errez, zimentaz, edo harrian pikatuak, modeloak manera idealista baita errealista batez erakusten dituzte. Haietan, bere zazpi haurrak, bere haur ttipiak eta lagunak baita ere, manatutako erretratuak. “Ez dut xekatzen pollit den zerbaiten egitea bainan eite berekoa” dio Killy Beallek.
Miarritzen sortua, Pierre Sarrailhen tailerran ikasi du zuzeneko pikatzea, Getariako Georges Clément Swiecinski zizelkariaren ezagutza egiten duelarik ere. Obra figuratiboak egiten ditu orduan, irakaspen klasiko baten lekuko. Bere eskultura berriak, abstraktuagoak dira, Brancusi eta Henry Mooren aztarnetan. Obra sinple batzu lehen arteen eta megalitoen idurikoak. Killy Beallen erakusketak izan dira Euskal Herriko leku ainitzetan baita ere Estatu Batuetan eta Zeelanda Berrian.
Hortense Häussling
Hortense Häussling Senpereko mendixka batean bizi da, baserri zahar batean. Erretratuak eta paisaiak egiten ditu, margoen kolore purrak erabiliz eta dantzaraziz prisma baten bidez ikusiak balire bezala.
“Kolore purra maite dut bizitzeko kemena ekartzen baitu,” dio Hortense Häusslingek. Haurrean, dantza egiten zuen eta marrazten. Ondotik, arte apaingarrien eskola nazionala egin du Parisen, eta Juan Luis Cousiño margolari txiletarrarekin lan egin du, koloreaz, formaz, eta bizia sortzen duten indarren kontradikzioez beharrezko gauzak ikasiz. « Hasierako arteak, kolore purrak dira. Egiazkora joanago eta kolore purrak aurkitzen dira gehiago. »
Erretratuen egiteko, modeloek egoiteko manera bat hartzen dute oren batez edo biez, bizpahiru aldiz eta ondotik, bakarrik bukatzen du. « Erretratu baten egitea jendearen biziaz eta egiaz hurbiltzea da, » dio Hortense Haüsslingek. « Emaitza psikologikoa da. Amodiozko harreman bat da, jendekilako harreman bat, behatze harreman bat. »
Josette Dacosta
Josette Dacostak margolaritza Madrilen ikasi du, Teresa Muñiz artistaren tailerrean. Ondotik, lana eta erakusketak egin ditu Inglaterran. Koloregai eta ekai desberdinekin lanean arituz, margolan abstraktuak egiten ditu baita lore eta paisaiekilakoak.
Bere erretratuetan, bai jendearen nortasuna baita ere momentuaren mamia eskuratzen entseatzen da, beti kolore indartsuak eta ekai azkarrak baliatuz. « Erretratua , niretzat, da nire isoparen besteari hedatzea. Bide erditan elkartzen gira eta sortzen den margolana gure topaketaren emaitza da » dio Josette Dacostak.
Martine Pinsolle
Martine Pinsollek gorputza du gai guzietan gustukoena. Irakasle ohia, ikasketak egin ditu Bordeleko eta Baionako arte ederren eskoletan. Intimitatea eta urruntasuna nahasten dira egiten dituen erretratuetan.
«Ene desmartxan, begitartearen irudikapena, agertze joko iraunkor bat da. Beztiturik edo biluzirik, gorputza agertzen da perspektibarik gabe, atzealde uniforme batean, begia gomitatuz jendearen nortasuna laburbiltzen duten behakoei edo gorputzaren inguruei so egitera” dio Martine Pinsollek.
Isilik, bere familiakoak eta hurbilekoak margotzen ditu. “Erretratu baten egitea, jendearen intimitatean sartzea da. Egiten ahal dut jendea untsa ezagutzen badut bakarrik” dio Martine Pinsollek. Margotzeko kontzentratu behar da, ez da dibertimendurik izaiten ahal. Emaitza kezkagarria da batzutan, eta jenagarria ere zonbait aldiz.
http://media.putfile.com/MartinepeintZoe101107
Susana Zaldivar
Susana Zaldivarek bere arte ikasketak Madrilen egin ditu. 1992a geroztik, Hondarribia eta Irunen bizi eta lan egiten du, irakasle izanez, KUNSTHAL Arte Plastiko eta Marrazketa zentroan. Bere ekitaldi desberdinetan, arkitekturaz eta paisaia-antolatzaileaz arduratzen den talde batean parte hartzen du. Erakusketak egin ditu Madrilen, Tunisen eta Euskal Herriko leku desberdinetan.
Bere margolanetan, marrazkiaren arintasuna eta umorea, kolore biziekin elkarretaratzen ditu, jendearen nortasuna doi-doia agertarazteko gisan bere erretratuetan. Erretratu baten egiteko, zirriborro bat egiten du lehen xixtan eta jendearen argazki batzu hartzen ondotik, jendearen irudikapen ezaugarri baten egiteko, errealismo zorrotz batean egon gabe ala ere.
Adin guzietako jendeak margotzen ditu, bainan haur erretratuen egitea maite du bereziki. « Jararazten ditut, posturaz aldarazten, beren burua untsa senditu arte, »dio Susana Zaldivarek. « Higitzen direnean, biziki fite marrazten ditut, momentuaren hartzeko. »
Zoé Bray
Parisen sortua, Zoé Brayk bere bizia eramaiten du Euskal Herria, Espainia, Italia eta Inglaterraren artean. Politika eta sozio zientzietako Doktorea, liburu bat idatzia du Euskal Herriko nortasunaren gainean. Florenzen ikasi du margotzen Charles Cecil, Amerikar erretratu egilearen estudioan. Metodo klasikoen arabera ari da lanean eta jendeak diren bezala margotzera entseatzen da.
Bere margolanetan, aitzinean duen jendearen barneko ikusmen baten pasaraztea entseatzen da. “Jendeak margotzen ditut egun guzietako bizian diren bezala, formalitaterik gabe. 19. mendeko errealismoarekin parekatzen dut nire lana, artistek jendearen eta gizartearen baldintza margotzen zutelarik” dio Zoé Brayk.
“Erraiten ahal ginuke zendako ez baliatu argazkilaritza? Nire arrapostua da, lana desberdina dela. Margolaritzan, lan bat gehiago bada, margolaria ekaian sartzen da pertsonaia hautemangarriagoa izaiteko. Ardurenean, margotzen dut modeloarekin aitzinean. Xekatzen dudan lehen gauza, da argiaren eragina modeloaren gainean. Kolore guti hartzen ditut hastapenean, eta isopa lodiekin ikusten dituztan itzalez eta argiz betetzen nire margolana. Horrela, jendearen silueta bat eskuratzen dut, sinplea bainan jadanik, bere nortasuna erakusten duena.