Home
Français
Euskara
Emazteen artea III 3-4.09
Kolatze Artea 11.08
Bilketaren artea  6.08
Emazteen artea II 3.08
Erretratuaren artea 11.07
Emazteen artea 3.07
Expo Dacosta 11.06
Expo Goenaga 6.06
Lehen
Egunkarian
Artistak
Contact
Español
English
Expo
Archive
   
 


Artisten Panteoian, emakumezkoen presentzia ez da ohikoa izan. Ala ere, badituguz emakume artisten adibideak: Artemisia Gentileschi eta Elisabeth Vigée-Lebrunetik, Sonia Delaunay eta Cristina Iglesiasera, emakumeek gizonek duten sortzeko ahalmen potentzial adina dituztela adieraziz.

Bakarrik giza testuinguruak ez die beti bere potentziala indar eta askatasun guztiarekin esplotatzeko aukerarik ematen.

Horregaitik, Itzal aktiboa elkarteak, Donibane Garaziko Alkatetza, Euskal Kultur Erakundea eta beste zenbait kolaboratzaileen laguntzarekin, Euskal Herrian lan egiten duten emakume artisten obren erakusketa antolatzeko asmoa du.

14 emazte artisteen obrak ikusgai ziten :  Angela Moreno, Chris, Christine Etchevers, Florence Etchart, Jacqueline Lebrun, Josette Dacosta, Martine Pinsolle, Marie-Hélène Echevarria, Michèle Neurisse, NANE, Nicole Marsan, Patricyan, Rosa Valverde, Zoe Bray

Angela Moreno

Angela Moreno grabatzailea Uharten bizi da, Nafarroan. Bertan klaseak ematen ditu, « Zubiarte grabatu lantegia » izeneko bere tailerrean.

Bere obretan argazkia, ohiko teknikak eta teknologia berriak nahasten ditu. Hautatzen dituen gaiak bere inguruko pertsonak dira, hauetarik gehienak biluzik  paratzen  diren  emazteak  izanik.   

Giza-kondizioari  behako  samur baina errukigabea botatzen diola, gaurko gizartean emazteen egoera eta zeregina erakusten du. 

Chris
Lanbidez  grafista,  Chris-ek   Baionan, bere sorterrian egiten du lan, Aturri bazterreko tailer batean. Ttipitatik gustukoen izan dituen koloreak xuria eta beltza izan dira. Hasieran margotzen zituen arkitektura formek,  xuriaren eta beltzaren eraginez,  etxe-orratzak eta elizak ziruditen. 

Geroago, abstrakziora jo zuen, txinatar kaligrafiak eta japoniar arteak eragin eskulturako irudiak eraikiz.  Duela gutxi hasi da gorriarekin esperimentazioak egiten. 

Christine Etchevers

Christine Etchevers mundu koloretsu batean bizi da. Kanbon sortua, gaur egun Urtsu mendi gainean daukan tailerrean neurri guzitako margoak sortzen ditu, koloreak eta formak dantzan jarriz. Zeramika eta eskulturak ere egiten ditu eta paper zimurtua erabiltzen du bere margoei erliebea emateko gisan, inguruko mendien erliebearen antzekoa.

Bere margoak itzultzerakoan, bestela begiratzeko parada ematen digu, nahi dugun ikuspuntuaren arabera. Euskal sustraiak inspirazio iturburutzat hartuz, tindatu hilarri serie bat erakutsi berria du Baionako Euskal Museoan. 

Florence Etchart 

Margolaritzan hasi aitzin, Florence Etchart dantzari eta koreografoa izan da. Orain Altzürükün bizi eta lanean ari da, bere xakurraz eta zaldiez inguraturik. Bere herrian urtero antolatu arte festibalaren sortzaileetarik bat da eta tokiko gaiak usu margotzen ditu. Baina emaztea da nagusi bere obran, batzuetan belo batek estalia,  beti sekretua, bere buruaren ezkutatu edo besteen xarmatzeko bezala. Dantzari gisa eszenatokian luzaz bildu dituen gorputzari buruzko ezagutzaz baliatuz, eskulturak ere egiten ditu, betiere dantzarekin zerikusia dutenak.  

Jacqueline Lebrun

Akrilikoa eta pigmentuak paperaren gainean erabiliz, Jacqueline Lebrun-ek natura hartzen du inspirazio iturburutzat margo abstraktuak sortzeko. Hauetan eguzkia hostoen gainean dantzari hauteman daiteke, mugimendua eta koloreei esker.

Berreskuratzen dituen gauzak ere erabiltzen ditu, hala nola lisaburdina zaharrak eta burdin hari zatiak, eskultura umoretsu batzuk sortzeko, gauza horiei bizi eta nortasun berria emanez. Baionan sorturik, Lekunberrin bizi da. Bere obrak Parisen, Brasilen eta Euskal Herrian erakutsi ditu. 

Josette Dacosta

Josette Dacosta 1980. hamarkadan hasi zen margotzen Madrilen. Teresa Muñiz izan du irakasle. Geroago, Ingelaterran lanean izan da, bere obrak bertan erakutsiz. Jatorriz euskalduna amaren aldetik, Donibane Garazin bizitzea hautatu zuen duela zenbait urte, eta bertan du bere tailerra. Lehengo euskal etxeetako kolore histudun paretak ditu inspirazio iturburu, besteak beste. Pigmentuak eta beste ekai anitz erabiliz, abstrakzioari begira dauden margoak sortzen ditu.

Marie-Hélène Echevarria  

Luzaz Marie-Hélène Echevarria-k eguneroko eszenak marraztu eta tindatu ditu : senarraren, Jesus Echevarria eskultorearen potretak, inguratzen duten gatuaren eta beste hainbat abereren erretratuak. Gaur egun, natura hilak margotzen segitzen du, berreskuratuak diren kartoiak usu erabiliz. Kanbon sorturik, gaztelania irakatsi zuen Perigueux eta Baionako lizeoetan, bere haurtzaroko etxean bizitzera itzuli aitzin. Bere obrak Paueko Arte Ederretako Museoan erakutsi ditu 1986an, bai eta Euskal Herriko beste leku anitzetan ere. Bere margoek alaitasun natural eta malenkonia sakon bat uztartzen dituzte, samurtasun  handiko obra argiak sortuz. 

Martine Pinsolle

Duela gutxi arte literatura irakasle izan baita, Martine Pinsolle-k lanbide horren zorroztasun guzia ematen du bere margoetan. Erretratu errukigabeak tindatzen ditu, bere buruarenak ala senideenak  izan  daitezen, hauetan intimitateak eta atzerapenak bat egiten baitute etsipen sentsazio larria sortzeko gisan. Giza-irudiak, batzuetan lasaiak, maiz kezkaturik eta oinezaturik ere, forma guziak har ditzake. Erakusketak Euskal Herrian (Baionako Carre-Bonnat aretoan, besteak beste), Parisen, Bordelen, Tarbes-en, Mont-de-Marsan-en eta Donostian egin ditu. 

Michèle Neurisse

Michèle Neurisse-k pigmentuak, harri-kartoia bezalako ekaiak eta  kola erabiltzen ditu indar handiko obra abstraktuak sortzeko, hauetan arte primitiboen eragina nabarmena  baita. 

Azken bolada honetan, esperimentazioak egiten ditu errekarri leunduz osatu eskultura-eraikuntzekin  ere (errekarriak Erangoko Lauhire bere etxe ondoan biltzen ditu). Artea Baionan eta Parisen ikasi eta,  haurrentzako  arte-tailerrak zuzendu ditu  Euskal Herrian eta Tolosan. Bere obrak hainbat bilduma pribatutan barreiatuak dira Euskal Herrian, Txinan, Estatu Batuetan, Alemanian eta Espainian.  

NANE

NANE margolari autodidaktak koloreen eta mugimenduaren sena pertsona eta bazterrekiko sentsibilitate berezi batekin uztartzen du. Sentsibilitate hori bere margo guzietan hauteman daiteke,  barne aldeko ohiko bizitza (aitamak barne aldekoak baitira) edo bisitatu dituen Maroko eta Kanadako emazteak eta bazterrak irudikatzen dituenean bereziki. Bordelen sorturik, Baionan bizi eta lanean ari da. Erakusketak Parisen, Bordelen, Saint Paul de Vencen eta Euskal Herrian egin ditu. 

Nicole Marsan

Barrokozale amorratua, Nicole Marsan-ek « zizelkatutako tapizeriak » sortzen ditu zetak eta beste luxuzko oihalak, maskarak eta beste hainbeste apaindura elkartuz.  Bere mundua Veneziako Ihauteriaren etengabeko hedapen  bat da, honetan emaztearen  zorion  eta  aireratzea  kontatzen  baititu.  Angelun bizitzea erabaki aitzin, hainbat arte-erakusketa handi sortu ditu Tolosan. Elkarte moduko arte-galeria bat atxiki du ere Colliouren, 20. mendearen hasierako margolari fauveen topagunean.

Patricyan
Patricyan artista plastikoak pentsamendua zirikatu eta suhartasunak berotzen ditu ekai mota guziak (burdin hesia, koloratutako beirazko perlak, plastikoak eta ekai naturalak) nahasten dituzten performantzia, instalazio eta eskultura kreazioen bidez. Emazteak eta emazte-printzipioak leku garrantzitsu bat daukate bere obran : lur jainkosa, ama jainkosa, zerutik  erori  emazteen  bularraren  baitan  dagoen  sorkuntzaren ideia mitikoa. Laborantza alorrean abereen tratamendua zein den ohartaraziz, ekoizpenari eskainia den funtzionamendu materialista eta teknikoa azpimarratzen du, honetan emazte-printzipioa ukatua baita. 

Rosa Valverde

Donostiako sei seme-alabeko familia batean (bera bosgarrena izanik), Rosa Valverde goizik hasi zen sorkuntza artistikoa lantzen, artista  eta  inprimatzailea    zen   aitaren   adibideak   eraginik.    Hasieran,  GAUR mugimenduaren sortzaileetarik zen Jose Antonio Sistiaga margolariarekin ikasi zuen.  Bere garrak eta arrangurak umore handiz eta konplexurik gabe adierazten ditu surrealismora hurbiltzen diren margoetan, bai eta eszena-muntaketa fantasiatsu batzuetan ere.  Luzaz arte-tailer bat zuzendu izan du Donostian. Bere « kaxak » - berak deitzen dituen bezala – pedagogia erreusitu bati ezinbestekoa zaion espiritu ireki eta jostatzaile baten lekuko dira. 

Zoé Bray

Zoé Bray-k erretratugileen metodo klasikoen arabera lan egiten du, subjektuen aurkezpen leiala eginez. Zientzia Politiko eta Sozialetan doktore, Euskal Herriaren nortasunari buruzko liburu baten eta artikulu anitzen egilea da. Italiako Florencen ikasi zuen margotzen, Charles Cecil-en amerikar erratratugilearen estudioan. Bere margoetan, begien aitzinean dauzkan pertsonen ikuspegi intimoa transmititzeko indarrak egiten ditu, ez bakarrik hauen itxura fisikoa irudikatuz, baizik eta hauen izaera kontuan hartuz. Euskal Herriko bizitzaren aspektu desberdinei buruzko marrazki moretsuak ere egiten ditu.

http://www.eke.org/partaideak/itzal_aktiboa/emazteen_artea_2007

 
   
Top